Gazte Taupadak, gazte arabarron irratsaioa, Hala Bedi Irrati Libreko uhinetan izango da aurten ere astelehenetik aurrera. Horrela, apostu berriekin eta inoiz baino gogortsuago datorkigu gazte bozgoragailua.
Hirugarren urtez, Hala Bedi Irratian emititzen den Gazte Taupadak irratsaioa entzungai izango da Araba osoan.
Gazte Taupadak, komunikabide arruntetan eskaintzen den gazteriaren inguruko irudi desitxuratuari eta desinformazioari aurre egiteko asmoarekin jaio zen.
Azken bi urtetan gazte mugimenduaren dinamika ezberdinen berri ematen saiatu gara, baita Euskal Herri mailan garatutako gertakari garrantzitsuen inguruan ere.
Aurten, irratsaioa dinamikoagoa eta partehartzaileago bihurtu nahian, txoko berria sortu dugu. Hortaz, iaz jorratzen genituen informazio, elkarrizketa eta kultur txokoei, beste zenbait berritasun sartu ditugu. Hilabetean behin, auzoz- auzo joango gara bertako gazteen errealitatea eta borrokak hurbiletik ezagutzeko. Horretarako, kalean dauden gazteak elkarrizketatuko ditugu. Beraz, adi arabar gazteak, edozein txokotan aurkitu gaitzakezue eta!
Maiztasun berdinarekin, musikgerrilla irratsaioko lagunei txoko bat eskaini nahi diegu Euskal Herriko musika taldeen panoraman sakontzeko.
Azkenik, Araban dauden hainbat instituzio zirikatzen saiatuko gara, gai ezberdinetan oinarrituz: euskara, etxebizitza, aisialdia…
Beraz, datorren astetik aurrera inoiz baino gogotsuago ekingo diogu gazte arabarron bozgorailuari!!
- Astelehenero 21,00etatik 22,00etara
- Larunbatero 20,00etatik 21,00etara
…Hala Bedi Irratian
ENTZUN GAITZATELA, ENTZUN ZAITZATELA!!! Gazte Taupadak ENTZUN!!!