Gesaltza-Añanara egun pasa egiteko proposamena
Zaharrak Berri historia irratsaioan ibilbide kultural-historikoak egiten dizkigu Aintzane Erkiziak, oraingoan Arabatik irten gabe. Egun pasa interesgarria egiteko proposamena duzue:
Non dago: Gesaltza-Añana herria Añanako Koadrilan dago, Arabako mendebaldean, Valdegobia (Gobiaran) bailaran. Herri txikia da, 200 biztanle baino gutxiagokoa baina oso berezia, izan ere herri honetan kokatzen baita Kantabriako Poza de la Sal-eko gatzagarekin batera, Iberiar Penintsula iparraldeko gatzagarik garrantzitsuena.
Añanako gatzagak urte mordo batetan abandonatuta egon dira (60. hamarkadan abandonatu zituzten ia guztiak), eta horren ondorioz hondamendi egoeran zeuden, baina azken urte gutxi hauetan proiektu berri bati ekin diote, eta indusketa arkeologikoak egiteaz gain, gatzaga guzti hauek zaharberritzeko eta berreraikitzeko proiektu bat jarri dute martxan. 5600 bat era daude, eta hoietatik 150ek gutxi gora behera diraute martxan, modu artesanalean gatza sortzen. Noski gaur egungo gatzaren produkzioa sinbolikoa da, gatzaga zaharrak eta beren estruktura zutik mantentzeko bakarrik.
Monumento historiko nazional bezala deklaratua dagoenez, Foru Aldundiak proiektua finanziatzen du. Eta jendeak ezagutu dezan bisita gidatuak egiten dituzte, eta turismora ireki dute (Araba promozionatzeko erabiltzen den irudietako bat da gainera). 2 miloi euroko aurrekontua omen du, eta 20 urtetan egin beharreko lana da.
Añanako gatzagei diapiro deitzen den fenomeno geologiko batek ematen dio berezitasuna. Fenomeno honetan gertatzen dena da zera da: euriaren urak, diapiro honen gainera erortzen denak, gatzak osatutako kapak zeharkatzen ditu, baina lurrean dauden materialak baino densidade guttiago duenez, berriz ere gora irteten da, gesal formakin (alegia, ura gatzatua, salmuera). Ateratzen den ur errekak (Muera deitzen dena), litroko 250 gramoko gazitasuna dauka (konparatzeko, atlantiar ozeanoko urak litroko 36 gramo bertzerik ez ditu, eta Itsaso Hilako urak berriz, 350 gr).
Erreka honek segunduko 3 litro ur ematen ditu gutxi gora behera, eta ur gazi hori aprobetxatzeko maila ezberdinetan jarritako plataforma batzuk sortu zituzten. 5600 plataforma edo ERA baino gehiago daude Añanan, eta hara ura eramateko deposito eta kanalizazio sistema bat dauka, egurrezkoa (hustutako egur enborrak erabiltzen dira), buztinarekin iragazgaiztua –inpermeabilizatua-, bata bertzearekin lotuak. Ur gazia era guzti hauetara eramateko txandak zeuden, errekaren ur-emana ez delako hain haundia, eta sobratzen zena putzu batean kontserbatzen zen.
Behin ur gazia erara joaten denean, eguzkiaren beroarekin eta airearekin lehortuz joaten da, gatza geldituz. Gatzaren esplotazioa beraz, lurrunketaren bitartez egiten da. Hortarako noski eguzkia behar da, beraz, uda izaten zen lan gehien izaten zen denboraldia.
Era hauek egurrezko plataforma batzuk dira (hortik bere hauskortasuna eta egunera iritsi zaizkigun egoera kaskarra), pizsina ttikiak bezala, eta bi pisokoak dira. Goikoak terrazak dira, eguzkitan ura lurruntzeko, eta behekoa berriz, itzalean dago, terraza horren azpian, gatza biltzeko. Egurrezko estruktura daukate, baina lehen aipatu bezala, buztinarekin iragazgaizten dituzte hobeki kontserbatzeko. Buztin honen gainean bertze gatza kapa bat jartzen zen, saldu beharreko gatza ez zikintzeko. Noizpeinka gatza mugitu behar da, lehortzean pieza haundiak sortu ez daitezen, eta hortarako pala haundi batzuk erabiltzen dituzte.
Teknika honen bitartez, kalkulatzen dute era bakoitzean urtean tonelada bat gatza atera daitekela. Eta dirudienez, Añanako familia bakoitzak era bat baino gehiago izaten omen zuen.
Plataforma hauek ikusi daitezke hurbiletik bisita gidatuan joan ezkero. Bisitak ordu t’erdi irauten du gutxi gora behera eta gatzagen historia eta errekuperazioa nolakoa den azaltzen dute.
Gatzagak errekuperatzeko proiektu hau multidisziplinarra da eta EHUko Arkitekturaren Arkeologiaren Ikerketa taldeak darama, Agustin Azkarateren gidaritzapean. Orain arte egin diren ikerketa arkeologikoak zailtasun haundikoak dira terreno honen daukan berezitasunagatik, izan ere mila urte baino gehiago esplotatu dute toki bera, eta eremua zabala da.
Kontutan hartu behar dugu 822. urtean aurkitzen dela gatzaga hauei buruzko lehen erreferentzi dokumentala, beraz, oso zaharrak dira, eta garrantzitsuak izan dira gainera historian zehar: Poza de la Sal-eko gatzagarekin batera, Iberiar Penintsula iparraldeko garrantzitsuenak dira.
Arkeologek hiru estratu nagusi identifikatu dituzte:
1. Erdi Arokoa, garai preindustrialekoa. Erak egiteko tokiko morfologia aprobetxatzen zen eta modu irregularrean eraiki. Azpiegitura ez da sobera ona, eta esplotazioa ugaria izan arren, ez ziren errekurtso guztiak aprobetxatzen garai hontan. Adibidez, ur gaziaren putzuak eren azpian zeuden kokatuak, eta horrek denbora guztian ura gora atera behar izatea suposatzen du.
2. XIX. mendea, Erret Administrazioak hartu zuenean. Produkzio gehiago ateratzeko, administrazioak erreforma sakonak egin zituen, eta horren ondorioz Erdi Arotik erabiltzen ziren estruktura ia guztiak kendu zituzten. Gaur egun duen itxura hartzen du momentu hontan.
3. XX. mendean buztinez estalitako egurra erabili ordez, zementua erabiltzen hasten dira ustez produktibitate gehiago izateko (garai hontan kostaldeko gatzagetan aurrerakuntza teknikoak eman ziren eta konpetentzi gogorra egin zien Añanakoei). Plataformak eraikitzeko material honek ordea bazituen oztopo ugari: zementua pitzatu egiten da denbora ttikian eta ezin da konpondu, beraz kapa berri bat jartzen zaio gainean arazoa ekiditeko, baina horrek karga haundia ematen dio estrukturari eta azkenean erori egiten da. Konponketen ondorioz zementozko hondakinak sortu ziren, baina zaila (eta garestia) zenez hori dena mugitzea, hantxe gelditzen zen, zonaldea zikinduz. 60. hamarkadan gainera errentagarritasun ttikiko negozio bihurtu zen gatzarena eta abandonatu egin ziren.
Bisita gidatuak ituntzeko: 945 35 11 11
Informazio gehiago:
|
Añanako Koadrila Foru Enparantza 11 01213 Rivabellosa 945 35 50 89
|
Gasteizko Turismo Bulegoa General Loma enparantza z/g 01005 Gasteiz 945 16 15 98 www.vitoria-gasteiz.org/turismo
|
Gasteiztik egun pasa joateko aukera polita da. Natura gustoko dutenentzat ere egokia da inguruan Parke naturala dagoelako eta oinez eta bizikletaz egiteko ibilbide ugari herritik ateratzen direlako. Horretaz gain, herria bera ere ederra da paseotxo bat emateko.





