Isilean ozen (sahara okupatutik 3. kronika)
Zortziak jota dira, eta Sidi Mahmuten etxetik Bilelen etxera joan gara. Ailegatzean, ohi bezala oso modu atseginean eman digu agurra, eta segituan gonbidatu gaitu bere egongelan jezartzera: Saharauien abegikortasuna ikaragarria da !
Oso egongela bereziak dituzte, baina, gure lagun hauek, denok harrituta utzi gaituztenak. Gelaren alboetan eserleku izugarri erosoak dituzte, sala osoa inguratzen dituztenak. Behegaina alfonbra garbi eta leun batzuek estaltzen dute, eta gelaren erdian : hutsa !
Alegia, ezer ez. Ez dute ezer paratzen egongelaren erdian berbalagunen arteko komunikazioa eta elkarrekiko begiradak ezerk ez ostopatzeko.
Jezarrri gara, ete gurekin batera Mohammedek lortu dizkigun kontaktuak, solasaldirako. Horietako bat, darraa urdin argi batekin jantzia, hasi zaigu Saharak dituen baliabide naturalei buruz hitz egiten, eta Marokok egiten duen horien ustiaketa basatiaz. Gizona baxu samar mintzatzen zen, eta Bilelek aldi bereko itzulpena egiten zigun.
Ikaragarria kontatu diguna ! Sahara oso aberatsa da baliabide naturaletan : petrolioa, fosfatoak, basamortuko hondarra, dunetan pilatzen dena ( porlana egiteko oso baliotsua), arrantza…Kontaktuak azaldu digu nola Maroko ari den baliabide natural guzti horiek ustiatzen, gupidarik gabe.
Hori guztia salatzeko, 2004an elkarte bat sortu zuten, saharauien elkarte oro bezala, izen luze-luzea duena : Bakea lortzeko eta baliabide naturalak babesteko elkartea.
Berehala hasi ziren mugitzen eta manifestazioak antolatzen. 2005an, adibidez, lehenengoa egin zuten, eta urte berean txosten bat argitaratu zuten baliabideen ustiaketa salatzen zuena. Txostena klandestinitatean irakurri behar izan da, baina aldi berean euskarri erabili dute Nazioarteko elkarte askotara bidaltzeko eta laguntza eskatzeko injustizia horren aurrean.
Hainbat elkarte aipatu dizkigu, lautik gora, eta atera kontuak : 2005etik hona batek bakarrik erantzun die !
Bestetik, aipatu digu nola manifestazioan kolpatuak izan ziren, atxilotuak, eta gero torturatuak.
Baliabide naturalak ! Mendebaldean dugun sistema ekonomikoaren motorra ; horregatik da hain garrantzitsua Sahara Marokoretzat ;horregatik jasan behar dute saharauiek euren herriaren kolonizazioa eta esplotazio gupida gabea. Horregatik 2005etik, eta lehenagotik ere, isiltasuna besterik ez dute jaso Mendebaldetik.
Guk ere isiltasunari helduko diogu , eta isilean jarraituko dugu gure bidaia honetan, saharauien sufrimenduaren berbak ozenago entzun daitezen.





