Txorionak Saharatik
Saharar herriak bizi duen egoera latza ezaguna da gure artean. Badakigu 1975 arte Espainiaren kolonia izan zela, eta hauek aldegin zutenean Marokok okupatu zuela basamortuaren eta itsasoaren artean dagoen lurraldea. Haren ondotik, zenbait saharauik Argeliako basamortura ihes egin behar izan zutela eta bertan daudela errefuxiatuta ere badakigu. Baina beste askok eta askok ez zuten ihes egin, eta beraiena den lurraldean geratu ziren. Hala Bedi irratiko 4 kide bertara etorri nahi izan dugu, eta lurralde okupatu honetan bizi direnen egoeraren berri izan eta eman.
Horrela bada, hilaren 20an abiatu ginen lehenengo helburu genuen El Aioun-era.
Bidea ez da erraza izan, kontrol polizialak eta kotxearekin izandako zenbait kontu direla medio, baina hementxe gaude Foum El Haoud-eko hondartzan El Aioun-etik 27 km-ra. Eta bertako ume batzuei Txorionak-en berri ematen. Basamortuan bagaude ere ez dago bero itogarririk eta egunen batean euria ere egin digu
Herenegun iritsi ginen Saharako hiriburura eta hasiera-hasieratik konturatu ginen beroa baino askoz itogarriagoa zela poliziaren jazarpena. Kaleak poliziaz, militarrez eta NBetako soldaduz beteta daude eta ikaragarri kontrolatzen dituzte bertakoak, gutxixeago kolonoak. Asko kontrolatuen artean gu ere sar gaitezke begi bat baino gehiago sentitzen baititugu gainean, kalera ateratzen garen aldiero.
Ez dituzte turistak nahi, ez badira basamortura bidean doazen bidaiari soilak. Eta gu, ez izan ohiko turistak, ez nahi erosketak bata bestearen atzetik egin, beste interes batzuk izan guk. Hala ere, disimulatzeko bada ere, turista plantak egiten ari gara turbante eta guzti.
Tartean-tartean ere bilerak egin ditugu bertako elkarteetakoekin, eta hauek egiteko ere komeriak egin behar izan ditugu, baina lortu dugu. Emango dizuegu hauen berri aurrerantzean.
Bitartean, zaindu!
El Aioun-dik, Salamat!





