Palestinako kronikak VII: Welcome to Gaza
Jerusalemetik goizean goiz atera bagara ere sargoriak itogarri bilakatu du ordu eta erdiko bidaia furgoneta zaharrean. Nekatuta baina urduritasunari ezin eutsiz, azkenik iritsi gara helmugara.Taxitik atera orduko metal eta kristalezko erraldoi bat altxatu da gure aurrean. Eretzeko muga Gazara sartzeko iparraldeko kontrola da eta nazioartekook erabil dezakegun bakarra.
Aurten inauguratutako terminala izugarrizko baliabide tekniko eta militarrez hornitutako azpiegitura da. Eraikinaren handitasunak eta sarrerako militarren jarrerak kikilduta, banan-banan sartu gara Komite Internazionalistetako zortzi brigadistok korridoreen laberinto batera bide ematen duten kabinetara. Bertan, hamaika galderari xehetasun handiegirik eman gabe erantzun, eta aurrera egin dugu. Zorionez ez gaituzte itaundu barruko lagunentzat opari moduan daramatzagun vodka botilen inguruan, izan ere, beldur handiagoa diete argazki kamerei edo grabagailuei, alkoholari baino. Korridorean barrena, lagun batek kamera atera du zorrotik erretratu bat egiteko asmoz eta jarraian megafoniatik zetorren ahots metaliko batek argazkiak ez ateratzeko agindu dio tonu zakarrean. Horrenbesteko kontrol, traba eta enbarazuren helburua kanpoko bisitarien presentzia oztopatzea besterik ez da, isrraeldarrek beldur handia izan baitiete beti Gazan gertatzen denaren testigantza emango duten lekuko ezerosoei.
Palestinako aldera igaro eta, beroarekin batera, suntsipenaren ikuspegiak egin digu ongietorria. Hamaika bonbardaketatan birrindutako eraikinen hondakinak pilatzen dira batera eta bestera paraje idor eta antzu batean. Bat-batean, ortz-mugatik taxi zahar bat ikusi dugu gerturatzen, abiadura bizian eta hauts hodei bat harrotzen. Parean gelditu zaigu. Lehiatila jaitsi eta «Welcome to Gaza!» bota digu barrukoak lagunoi, ironia kutsu batekin. Beste aukerarik ezean, taxian sartu eta lehen hitzorduaren lekura abiatu gara, Gaza Cityra, Palestinako Giza Eskubideen Zentrora, hain zuzen.
Ragi Sourani, Palestinako Giza Eskubideen Zentroko zuzendaria eta Munduko Giza Eskubideen Federazioko presidenteordea da. «Langabezia tasa Gazan %60 ingurukoa da. Hemen, ordea, lana ziurtatuta daukagu datozen hamar urteetarako, behintzat!», bota digu txantxa giroan egoitzako gela fresko batean harrera egin digunean. Mahats eta piku batzuk atera dizkigu eta Gazako egoeraren inguruan solasean aritu gara hurrengo ordubetean. Itxaropentsu agertu zaigu. Bere esanetan, orain gutxira arte, Fatah alderdiko Mohamed Dahlan-ek zuzendutako Segurtasun Indarrek errepublika bananero baten antzera kontrolatzen zuten Gaza eta ez zuten begi onez ikusten haien boterea kolokan jarriko zuen hauteskunderik. Horregatik kaosa piztu zuten hauteskundeetako emaitzen zilegitasuna gutxitzearren. Ezegonkortasun estrategia horren barruan kokatzen ditu Ragik zenbait familiak eta klanek burututako bahiketak, tiroketak eta bestelako barrabaskeriak. Egun horietan gangster txanodunak jaun eta jabe omen ziren Gazako karriketan. Talde horietako batzuk, Dogmustarrak, Allan Johnson BBCko kazetaria bahitu zituztenak, alegia, Dahlan-en gertukotzat identifikatu ditu gure solaskideak. Orain arte elkarrizketatu dugun jende guztia, Fatahkoak salbu, bat datoz kontu batean, hots, Dahlan CIAren gizona zela Gazan. Hamasek Dogmus familia bizi den auzoa inguratu eta Johnson askatzera bultzatu omen zituen. Gaur egun, eta Hamasek boterea eskuratu zuenetik, inork ez daki non dagoen Segurtasun Indarretako burua.
Beste aldetik -jarraitu du Ragik-, Israelek eta nazioarteko komunitateak hauteskunde legislatiboetako emaitzak onartu ez eta boikot ekonomikoa zein politikoa ezarri zizkien palestinarrei, Gazako populazioa egoera jasangaitz batera bultzatuta. Nazioarteko agentziek, GKEek, hedabideek eta UNRWAk berak (NBEko errefuxiatuentzako saila) Gaza utzi zuten. Israelek eta AEBek diseinatutako testuinguru horren emaitza, beraz, ekainaren 10eko Hamasen altxamendua da. Hirurogeita hamabi ordutan, AEBek eta Alemaniak hamalau urtez entrenatutako Segurtasun Indarretako makina bat lagun mendean hartu zituzten Hamasen miliziek. Hamasek zilegitasun politikoa bazuen ere, triskantza bat bilakatu zuen matxinada, Ragiren ustetan. Izan ere, liskar horien emaitzak 158 hildako eta 700 zauritu inguru izan baitziren. Egun, ordea, ez dago gizon txanodun armaturik kaleetan, ez dago klanen arteko borrokarik, jendea gauez ateratzen da, eta atzerriko jendea lasai ibil daiteke karriketan. Segurtasuna, hortaz, nabaria da Hamas agintean dagoenetik.
Taxi gidari berritsua
Ragi Sourani agurtu eta Raid, taxi gidaria, kalean daukagu zain Gazan barneko ibilaldi bat egiteko. Raid tipo berritsua da eta bidean aurrera egin eta konfiantza hartu ahala bere bizitza kontatzen hasi zaigu. Berrogei urte ditu eta Beit Hanunen bizi da bere emazte eta lau alabekin. Argazkiak eta guzti erakutsi dizkigu. Hemeretzi zituela, lehenengo Intifadan espetxeratu zuten. Baina begirada goibeldu zaio familiaz galdetzen jarraitu dugunean. Duela hiru hilabete israeldarren bonbardaketa batean familiako hamazortzi lagun galdu zituen egun berean, tartean anaia eta anaiaren alabak. Raiden historiak hunkituta, isil-isilik jarraitu dugu bidaia Gazako errepideetan barrena.
Bat-batean bidea batetik bestera zeharkatzen duen pankarta handi batek arreta deitu digu. «Mehatxu gehiagorik ez gure atzerriko bisitari eta gonbidatuei», dio Hamasek sinatutako ohialak. Lasaiago sentitu naiz, babestuago. Txintik atera gabe, azkenik, Rafahra heldu gara. Rafah Egiptoko mugaren ondoan dago. Azken urteotan, Israelgo Armadak milaka etxe birrindu eta bonbardatu ditu Egipto eta Gazaren arteko «Filadelfia korridorea» delako segurtasun esparrua sortzeko. Muga ondoko etxeen lehenengo lerroak ikuspegi fantasmagorikoa eskaintzen du. Pipiak jota dirudite hamaika zuloz jositako etxeek, bertan behera erori beharrean, noizbait etxe izandakoen burnizko hezurdurak hondakin meten artean. Israeldarren bulldozerren suntsipenari eutsi zioten azkenak. Halako batean, leiho batean haize lehorrak astinduta sikatzen den arropa zabalduari erreparatu diogu. Gezurra dirudien arren, oraindik ere hor bizia dago, Rafahko azken mohikanoak. Raidek lagunduta bertakoak ezagutzera joan gara.
Said birrindutako eraikinean bizi diren bi familietako baten burua da. Tea hartzera gonbidatzearekin batera solasean hasi zaigu. Berrogeita bost bat urte izango ditu. Irakaslea da, berez, baina egun, Gazako biztanleriaren gehiengoa bezala, langabezian dago. Nahiko lan dauka etxea konpontzen. Familia Yafakoa da eta 1948an heldu ziren Gazara sionisten sarraskietatik ihesi. Gero, haien Rafahko etxea birrindu zutenean, auzokideek leku bat eskaini zieten eraikin horretan eta geroztik Filadelfia korridorearen harresitik berrogeita hamar metro eskasera bizirauten dute.
Hamasekoekin patxada ederrean
Mugako hesiak bi hilabete darama itxita. Azken urtean, orotara, bi hilabetez besterik ez dute ireki, mugako kontrolean palestinarren aldea zaintzen duten gazteek azaldu digutenez. Mugaren beste aldean, berriz, sei mila palestinar gelditu dira, inoren eremuetan, Gazara bueltatu ezinik. Batzuk medikuarengana edo erosketetara irten ziren, beste batzuk senitartekoei bisitan… Itzulitakoan, kaiola itxita topatu zuten. Horietako asko hil dira, noiz sartuko eguzkipean zain zeudelarik. Mugako gazteak Hamasekoak dira. Hasieran mesfidantzaz hartu bagaituzte ere, azkenean patxada ederrean bukatu dugu palmondo baten gerizpean tea hartzen eta barre algaraka argazkiak ateratzen. Gezurra dirudi hauek mendebaldeko komunikabideek «terroristatzat» daukatenak izatea.
Iluntzen hasi da eta Gaza Cityrako bidean kostaldeko errepidetik ibili gara. Jendea pilatzen da hondartzako txiringitoetan, edo itsasertzean paseoan ibiltzen da. Eguzkia sartzen ari da etxe suntsituen hondakinekin eraikitako kai-muturraren atzean. Arratsaldeko beroa ahaztuta, ezagutzen dudan txiringito batean afaltzen gelditzea proposatu dut, baina bertaratutakoan guztiz birrinduta aurkitu dugu. Ekaineko liskarren emaitza.
Beraz, gure taxistak aholkatuta, beste leku batera joan gara. Hamas alderdi erlijiosoaren botere eskuratzeak sortzen dizkigun kezka eta kontraesanen inguruko eztabaidak alde batera utzi, eta egunotako Gazako bizimodu lasaiaz gozatzeari ekin diogu. Arrain parrillada janda eta ur piparen kea lagun, eguna agurtu dugu, palestinar askok bezala, kaiolako hesiek begiradari atsedena ematen dioten leku bakarrari begira, ekialdeko ortz-mugari so, alegia.
Koldo Sagasti. Suelta la Olla




