Palestinako kronikak VI: Garai latzak Nablusen
Cronicas palestinas V: En Nablus con Bassam Shakaa
Palestinako kronikak IV: Egun bat kaiolan
Cronicas palestinas III: Michel Warschawski, un judio sensato
Cronicas palestinas II: 6 de julio,chupinazo en Bilin
Cronicas palestinas I: Beti izango dugu Al Quds
Eguzkia ageri da hiria inguratzen duten muinoen atzetik, eta lehen printzekin batera gogor jotzen hasi da Lorentzo. Nablusen gaude; Jerikorekin eta Damaskorekin batera historiako hiri zaharrenetako batean, alegia. Hiru mila urteko alde zaharrean batera eta bestera ikusten diren ondareak istorio honen lekuko dira. Erromatarren garaietako antzoki baten aztarnak edo otomanoen garaietako bainutoki turkiarra, karrika estu eta ilunek osatzen duten labirintoan barrena gutxien espero denean agertzen dira. Bestelako istorioen aztarnak, ordea, nabariagoak dira milaka urteko horma hauetan, armada okupatzaile eta hiri gerlarien arteko gatazken arrastoak, Israelgo armadaren buldozzer-ek birrindutako antzinako etxeen hondarrak… Garai hobeak bizi izan ditu Nablusek.
Bertako gidari batek lagunduta ibili gara hiri zaharreko karriketan gora eta behera Euskal Herriko Komite Internazionalistetako brigada osatzen dugun bederatzi kideok. Ez da komeni ezezagun talde bat kale hauetatik bakarrik ibiltzea; izan ere, alde zaharra erresistentziaren gotorlekua da eta gure mendebaldar itxura dela-eta israeldartzat har gintzakete. Ikusgarriegiak gara atzerritar bakar bat ere ez dagoen hirian.
Nasser kalean paseoan genbiltzala eta xaboi lantegi baten parean geundela, gizon batek oihuka deitu eta barrura sarrarazi gaitu. Maaz Nabalsi-k hirurogeita bi urte ditu baina zaharragoa dirudi, bizimodu gogorra izan duen seinale. Al Badir xaboi faktoriako nagusia da. Familiako lau belaunaldi aritu dira oliba olio gordinez xaboia egiten. Xaboigintza punta-puntako negozioa izan zen garai batean Nablusen. Hogeita hamarreko hamarkadan berrogeita hiru lantegi zegoen eta Jordaniara, Siriara edo Egiptora esportatzen zuten. Zisjordaniako gune komertzial nagusia zen garaiotan.
Egun, ordea, bi xaboi lantegi baino ez dira geratzen eta bizirauteko baino ez dute ateratzen. Denak dira trabak okupaziopean, baita enpresari txikientzat ere, kontrol militarrek, Armada israeldarraren erasoek alde zaharrean, lehengaien murriztapenak eta produktuak ezin saltzeak bideraezin bilakatzen baitute edozein negozio.
Maazek eskaileretan gora igotzera gonbidatu gaitu. Hor, ganbaran, 2002ko apirileko inbasioaren aztarnak erakutsi dizkigu. Ganbarako sabaia milaka urteko gangek osatzen dute. Paretetan soldaduek sartutakoan egindako pintadak erakutsi dizkigu. Pilatutako xaboi guztiak bota zizkioten eta horma suntsitu zioten ondoko etxera pasatzeko. Handik ez oso urrun, Sha’bi familiaren omenezko plaka bat dago. Ariel Sharonek agindutako eraso horretan, Armadaren buldozzer-ak alde zaharrean sartu ziren eta beste askoren artean haien etxea birrindu zuten Samir Omar, Omar Mohamad, Aber Omar, Fatima Omar, Abdullai Samir, haurdun zegoen Nabila Ghanem, Azzam Samir eta Nas Samir barruan zeudelarik.
Xaboi bana oparitu eta agurtu gaitu. Temati jarri bagara ere, ez dizkigu kobratu nahi izan. Handik, eta gure gidaria lagun, Al Ain iheslarien kanpamentura abiatu gara. Al Ain Zisjordanian dagoen lehenengo iheslarien kanpamentua da. 1948ko okupazioaren ondorioz kostaldeko herrietatik ihes egindako jendeak osatu zuen: Haifa, Yafa, edo Accotik etorritakoak, hain zuzen.
Geroztik populazioa biderkatu egin da baina kanpamentua ezin izan da zabaleran hazi, eremuak NBErenak baitira. Kanpamentuaren eraikuntza eta antolaketa kaotikoa da, karrikak metro eskas batekoak, etxeak bata bestearen gainean pilatzen dira, haurrak jaun eta jabe dira eta kale batetik bestera gure atzetik korrika dabiltza. Paretetan ikusgarri daude martirien kartelak eta azken erasoan soldaduek jaurtitako barreiatze bonben arrastoak. Berrogeita bi martiri izan dira Al Ain-en bigarren Intifadan, eta horietako bat Imad zen.
Hirurogeita zazpi bala zulo
Imad zortzi anai-arrebetako familia bateko kidea zen eta bi seme-alaba zeuzkan. Familia Haifatik etorri zen 1948an sarraski sionistetatik ihesian. Sei anaietako bi Israelgo kartzeletan zeuden, Aiman eta Yihad. Guztiok Abu Ali Mustafa brigadetako kideak ziren; PFLP (Palestinako Askapenerako Herri Frontea) alderdi marxistako adar armatukoak, alegia.
Amaren, aitaren eta ahizpa baten ahotan, duela bi urteko neguko gau batean gertatutakoa entzun dugu. Imad gurasoen etxean lotan zegoela soldadu israeldarrak bere bila sartu ziren. Teilatuan ezkutatu zen. Desarmatuta zegoen. Soldaduek etxe osoa arakatu, hankaz gora jarri, aita jipoitu, eta ama itaundu zuten. Ez zuten txintik esan. Halako batean, teilatura igo eta bertan tirokatu zuten. Imaden alaba txikia guztiaren lekuko izan zen. Ama, memento batean, malkoei ezin eutsiz atera da.
Bueltan jaka bat ekarri du. Gau horretan Imadek jantzita zeraman jaka zen. Hirurogeita zazpi bala zulo zeuzkan. Hunkituta agurtu ditugu, lur jota. Nik agindu diot aitari bere historia kontatuko dugula, baina hamar milioi palestinar daude munduan, eta denek daukate istorio beldurgarri bat kontatzeko, beraz, ez dut uste paper nahikorik dagoenik planeta osoan haien historia idazteko.
Handik Balata Camp-era joan gara; Zisjordaniako iheslarien kanpamenturik handienera, alegia. Bertan 25.000 lagun bizi dira 250.000 metro koadroan, hamar metro koadro pertsonako, beraz (Hong Kong-eko populazio dentsitatea halako bost). Al Ain-en bezala, gehienak kostaldeko herrietatik 1948an etorritakoak eta horien oinordekoak dira. 161 martiri izan dira bigarren Intifadan Balatan, horietatik 26 haur, 2.700 zauritu eta 400 elbarritu Armadaren erasoen ondorioz. 360 preso daude Balatakoak, eta horietatik 50ek bizi arteko zigorrak dituzte.
Horrelako datu zaparrada kontuan hartuta antzeman dezakegu Palestinako erresistentziagune handienetakoa dela eta eguneroko bizi-baldintzak oso latzak direla. Iheslarien kanpamentuko Gizarte Zentroan eman digute egoera horren berri. Bertan mota askotako kultur, arte eta gizarte ekintzak antolatzen dituzte; haurrei zuzenduak, batez ere.
Fatah barruko kontraesanak
Erasoaldi batean Armadak eraikina guztiz birrindu zuen baina berreraiki egin dute. Zentro horretako sortzaileetako bat Husam Hader izan zen. Duela lau urtetik Husam espetxera sartu zuten zazpi urteko kartzela zigorra ezarrita. Husam-en etxean hartu gaituzte haren anaiak, ahizpak eta hiru seme-alabek.
Etxea kanpamentuko batez bestekoarekin konparatuta dotorea bada ere, iheslarien etxea da; apala, beraz. Husam Fatah-ko kidea da. Harritu gaitu boterean dagoen alderdiaren barruan ere dauden desberdintasunak egiaztatzeak. Ramallah-n Fatah-ko handimandi eta funtzionarioek ehun dolarreko traje dotoreak jantzi eta auto dotoreak gidatzen dituzten; Balatan Husam-ek, ordea, beste askok bezala, iheslarien bizimodu duinago baten alde lan egitearren kartzelan bukatu du. Oso urrun dago, hortaz, AEBetako eta Israelgo interesen morroi leialen bulegoko dotoretasuna, iheslarien kanpamentutik. Hala eta guztiz ere, Husamen senideak pozik agertu dira gutxi barru kalera atera daitekeelako; izan ere, Israelek berrehun preso inguru askatuko dituela jakinarazi baitu. Horren inguruan itaundu dugunean, ordea, anaiak galdera saihestu du. Kontua da askatuko dituzten preso horietatik ia guztiak Mahmud Abbas-en alderdikoak izango direla, beste trikimailu bat, beraz, Fatah-ren hegemonia bermatzeko West Bank-en.
Horretaz gain, eta zenbait lagunek esan digunaren arabera, Israelek Fatah-ko presoen amnistia iragarri zuenetik batez beste hogeita hamabost lagun eguneko atxilotu ditu PANen Poliziak Zisjordanian, 120 orain arte. Beraz, espetxeak hustu ordez, presoen profil politikoa aldatzea baino ez dira egiten ari. Sentsazio gazi-gozo batekin agurtu dugu Husam Hader-en familia, pozik gizon zintzo bat kalera aterako delako, baina saminez badakigulako beste asko, tartean Al Ain-eko Imad-en anaiak, ez direlako hain zorionekoak izango.
Historiako hiri zaharrenetakoa den Nablusen, beraz, historiako trikimailu zaharrenetako baten lekuko izan gara: «Arerioak banatu eta garaitu».
Koldo Sagasti. suelta la olla





