Graffitiek txanda aldaketa markatu dute gazte egonaldietan
Igandea. Eguerdiko 12ak. Aje egunaren estatusa aspaldi irabazi zuen honek, batez ere gazteotaz hitz egiten gabiltzala aintzat hartzen badugu. Bernedoko aterpetxea ez dago inondik inora horrelako aje etiliko tipikoetan murgilduta, hala ere, halako egunez, halako orduaz ohikoak diren gorputzaldiak eta aurpegi ilunak antzeman ditzakegu giroan. Hitz bakar batean: nekea.
Astea ekintzak prestatzen eta hauetaz gozatzen igaro da. Gazte Egonaldiek ikus-entzunezko mundura hurbildu ditu gazteak, bestelako ekintzekin batera: mendia, igerilekua, inguruak ezagutu… Eta laguntzen gaubelak eta hauen ostekoak. Hogeitalautik ordu asko eman ditugu lanean zein ondo pasatzen, eta honek berea dakar. Gazte Egonaldi hauetako lehenengo txanda amaitzear dagoen honetan, graffitiei tartetxo bat eskaini genion atzo. Ikusi eta ikasi, eta ondo entzun esaten ziguten. Halaxe egin zuten gazteek eta ikusi eta ikasitako hura praktikan ipini ere.
Larunbata espraiz eta kolorez atondu genuen eta, bide batez, aterpetxearen aurpegia zertxobait aldatu; gure ikutua eta aztarna utzi dugula esan genezake. “Aje” eguna dela esan dugu, batez ere adio esan behar denaren goibeltasunak bustitakoa. Pozik goaz dena den, gazi-gozoaren sentsazio ezagun batek eztarrian dugula. Orain besteei lekukoa pasatzeko une heldu da, haiek ere guk bizitakoa bizi dezaten.
Hazia erein dugu eta eskaileran gora egiteko ordua iritsi da, beti ere aurrera begira…
Eta honek aurrera darrai…




