Palestinako Kronikak IV: Egun bat kaiolan
Aurrekoak irakurri - leer las anteriores:
Cronicas Palestinas III: Michel Warrschawski, un judio sensato
Cronicas Palestinas II: 6 de julio, chupinazo en Bilin
Palestinako Kronikak I: Beti izango dugu Al Quds
Goizero bezala brigadakideok bata bestearen gainean taxian sartu eta tirriki-tarraka gure eguneko lehenengo hitzordura abiatu gara. Bederatzi lagunok osatzen dugu Euskal Herriko Komite Internazionalistetako brigada Palestinan eta gure baliabide urriak direla-eta, beti jokatu ohi dugu nahiko zeken taxia hartzeko orduan. Gure lehenengo geldialdia Birzeit Unibertsitatean da, Ramalatik kilometro gutxira. Palestinako garrantzitsuenetakoa eta aurrerakoienetakoa da, hala esan digu, behintzat, Shadik, gure gidariak. «Garai batean bidaia luzeagoa zen sarrerako bidean israeldarren kontrol militarra baitzegoen -jarraitu du-. Azterketa garaian, bereziki, campuserako sarrera oztopatzen ziguten. Egun, ordea, harresiak Ramala inguratu zuenetik, ez dute kontrolik zertan jarri, aire zabaleko espetxean bizi gara-eta». Shadik Unibertsitateko ikasle ezkertiarren mugimenduan ziharduen eta egunotan Soziologia ikasketak bukatu ditu.
Campusean ikasle mordo bat dabil, itxurari eta janzkerari dagokienez behintzat, jatorri ideologiko eta erlijioso askotakoak. Shadik Komunikabideetako Departamentura eraman gaitu. Gutako batzuk irrati libreetan aritutakoak gara eta inbidiaz ikusi ditugu Unibertsitateko irratian eta telebista estudioetan dauzkaten baliabide teknikoak. Omarrekin aritu gara solasean. Komunikabideetako ikaslea da. «Politikoak gorroto ditut -bota digu bat-batean egoera politikoaz itaundu dugunean-. Batekoak zein bestekoak; izan ere, boterea eskuratu orduko ehun dolarreko trajea jantzi eta ahaztu egiten dute nondik datozen». Eta arrazoia dauka, Ramalako karriketan Mercedes eta BMW autoak jaun eta jabe baitira, gauza nahiko absurdoa, bestalde, harresiz inguratutako hiri batean.
Berriro kalera atera eta campusean genbiltzala hiru tipo ikusi ditugu batetik bestera megafonoa eskuan hartuta eta oihu bizian. Gurekin Laila dator, Euskal Herriarekin maitemindutako neska palestinarra. Zazpi herrialdetako mapadun domina darama paparrean. Lailak itzuli digu hirukoteak oihukatutakoa. Antza denez, bart gauean PANaren poliziak, Fatah-renak alegia, Fadi Hamd, Ikasle Batzordeko Presidentea atxilotu du. Fadi Hamasekoa da eta Campuseko hauteskundeetan garaile atera zen. Diotenez, egun batzuk lehenago ika-mika dialektikoa izan zuen jendeaurrean kurtso bukaerako ekitaldian parte hartu zuen Fatah-ko ordezkari batekin.
Urduritasuna nabaria da giroan. Gu geure lagunaren azalpenei adi. Halako batean jendea korrika ikusi dugu eta tentaldiari ezin eutsiz kuxkuxeatzera gerturatu. Ehun bat lagun, Hamasen banderak hartuta, sarrera nagusian elkartu dira. Haizeak islamisten oihal berdeak astintzen ditu; irudi ikusgarria oso. «Ala, handia da!», oihukatzen dute. Aurrean Fatah-ko horrenbeste ikasle builaka. Bat-batean, liskarra hasi da. Ukabilkada eta makilakada bat edo beste ikusi dugu, baina gure gidariek argazki kamerak gordearazi eta berehala atera gaituzte gatazka tamalgarri horretatik, gu babesteko-edo, ikuskizun lotsagarri hori ikus ez genezan, akaso.
Gerora, Eileen Kuttab-ek, Unibertsitateko Emakume Ikasketen Programako Zuzendariak esan digunez, Erakundeak gaitzetsi ditu bai ikasleen arteko liskarra, baita ikasleen ordezkari demokratiko baten atxiloketa ere, horregatik hain zuzen, arratsaldean campuseko ateak itxiko zituzten. Baita Fatah-k ezarritako Larrialdi Gobernua ere gaitzetsi du eta azaldu du bere kezka AEBetako interesen defendatzaile Fatah, gero eta jarrera faxistagoak erakusten ari delako Zisjordanian.
Arratsaldean kontu beraren inguruan galdetu diogu gure hurrengo solaskideari. Khalida Jrar Palestinako Legebiltzarreko PAHF-ko (Palestinako Askatzeko Herri Frontea) hiru legebiltzarkideetako bat da. Berriak ustekabean harrapatu du. Berak ere gaitzetsi ditu palestinarren arteko liskarrak eta ikasleen ordezkariaren atxiloketa. Salatu du, era berean, Fatah-ren jarrera; izan ere, AEBetako eta Israelgo poliziaren papera jokatzen ari da Zisjordanian. Khalidaren arabera, gatazka horiek AEBen eta Israelen politika itogarriaren emaitza dira. Hamasen hauteskundeetako garaipena ez dute onartu eta, ondorioz, boikot politiko eta ekonomikoa ezarri diote herriari. Erakunde subiranoen kudeaketa ezinezko bihurtu dute eta herri xumea kolapso ekonomiko eta humanitariora bultzatu dute. Bestalde, azkenaldian, Fatah-k eta Hamasek boikot egiten diote Legebiltzarrari, komeni zaien arabera ez baitira joaten erakundearen funtzionamendua oztopatzeko, hortaz, Biltzar Legislatiboa erakunde antzu bilakatu da.
PAHF Palestinako ezkerreko alderdirik nagusia da, ideologia marxistakoa. Palestinako ezker demokratikoaren beste hainbat alderdirekin batera, palestinarren arteko liskarrak baretuko dituen beste esparru bat eraiki nahian dabiltza. Lan horren emaitza da, beraz, herenegun prentsa agerraldian PAHF-ko eta Mubadarako (Mustafa Bargouti-ren alderdia, alegia) ordezkariek aurkeztu zuten ekimena. Delakoaren ardatz nagusiak honakoak dira: Gazan Hamasek hartutako erabakiak eta egindako urratsak deuseztatzea; Fatah-k ezarritako West Bank-eko gobernu berria errefuxatzea; milizia guztiak kaletik ateratzea; botere Exekutibo, Legislatibo eta Judizialak banatu eta alderdietatik bereiztea; gobernua osatzea PLO-ren (Palestinako Askapenerako Erakundea) zaintzapean; eta hauteskunde legea aldatutakoan beste hauteskundeetara deitzea.
Erronka, beraz, asmo handikoa da, baina zaila ematen du egun Palestinako gizartearen gutxiengo nabaria den ezkerraren asmoak bi fronte handien alderdikeriei eta botere borrokei gailentzeak.
Unibertsitateko istilua, gertaera isolatua baino, jendarte giro nahasi baten eta Fatah-ren jarreraren adierazlea da, horregatik azken iritzi bat jaso nahi izan dugu. Ahmed Subah PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri Gaietarako Ministerioko bigarren handi-mandia da. Fatah-koa, beraz. Ehun dolarreko traje dotore horietako bat jantzita darama eta (lepoa jokatuko nuke autotzar garesti batean ere etorri dela), soberan dakigun Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaren historia kontatu digu eta bere alderdiko diskurtso ofiziala bota digu, gaztelania garbian (Mexikoko enbaxadorea izan zen, nonbait), parte hartzeko aukerarik eman gabe. Ikasle Batzordeko Presidentearen atxiloketaren inguruan itaundu dugunean, haserre bizian, George Bushena berarena zirudien bertsioa bota digu. Hamasek estatu kolpea eman duela Gazan, West Bank-en giroa gaiztotzeko eta meskitetatik gidatutako matxinada pizteko saiakeretan dabiltzala Irango laguntzarekin, honezkero kalean egongo zen atxilotua istilu-sortzaile eta matxinatu bat zela, eta abar. Hamaseko ordezkariekin, ordea, ezin izan gara bildu orain arte; izan ere, azkenaldi honetan eta Legebiltzarreko zenbait ordezkari eta ministro atxilotu zutenetik oso zaila da islamistekin harremanetan jartzea, lurrazpian baleude bezala bizi baitira.
Eta solasaldi batetik bestera, oharkabean, eguna joan zaigu. Autobusa hartu eta Jerusalemera abiatu gara. Oraingo honetan, aurrekoan ez bezala, Qualandiako kontrol militarrera heldutakoan autobuseko gainontzekoekin batera jaitsarazi eta banan-banan burdinezko hesi eta ateen labirintotik pasarazi gaituzte. Guri iraingarria suertatu zaigun egoera, harresiaren alde batetik bestera joan behar duten palestinarrentzat, ordea, eguneroko kontua da. Burdinezko ate birakarian harrapatuta gelditu eta hamazortzi urte eskas dituzten soldaduen barreak kontrolatu beharra; soinean daramazun guztia, gerrikoa eta guzti, detektagailuan sartu eta kristalaren beste aldean dagoen ume mukitsuari pasaportea erakutsi beharra…azken finean betebehar umiliagarria Jerusalemera pasatzeko baimena daukatenentzat; izan ere, Ramalako nortasun agiria daukatenek hori ere debekatuta daukate. Une batez, ghetto-an bizitzean zer den gure larruan bizi ondoren, amorruz beterik, bidea jarraitu dugu, Jerusalem ekialde inguruko auzoetan gora eta bera, tirriki-tarraka, aurki jateko genuen falafela buruan eta harresiaren bestaldean utzitako lagunak bihotzean.
Koldo Sagasti





