Gazte egonaldiak pantailara
Uztailak 14, larunbata, eguerdiko ordu bata. Lekua: Bernedoko aterpetxea, aurtengo Gazte egonaldiak garatzen ari diren lekua, alegia. Igandean heldu ginen eta, ordutik hona, erritmo bizian gabiltza, bai gazteak bai begiraleak. Ekintzek goiza, arratsa eta, nola ez, gaua ere hartzen dute. Helburua argi hasieratik: ikusentzunezkoen munduan murgildu denok eta ondo pasatuz ikasi. Zeregin horretan dihardugu igandetik, nekearen aztarnak aurpegietan geroz eta nabarmenagoak gelditzen doazelarik
Egunak aurrera, barre algarak eta haserraldiren bat gurutzatuz doaz, etxeminak edota, beharbada, nekeak isuritako malkoren batek lagunduta. Aurpegiek, hala ere, gustura igarotako orduen satisfakzioa erakusten dute. Non gauden badakigu, baina lekuaren, jendearen, momentuen berritasunak sentipen oso ezberdinak esnarazten ditu. Egun, ordu, minutu, une gutxi gelditzen zaizkigu, modu intentsoan bizitzeko asmoarekin, dena den.
Irratsaioen egunak agortu genituen jada atzo eta herenegun; prestaketa eta gero, Halabediko estudioetara hurbildu eta, bertan, gure ahotsek uhinekin bat egin zuten. Araba eta mundu guztira ideiak, iritziak eta egiteko modu berezia zabaltzeko intentzioarekin joan ginen eta, ematen duenez, lortu egin dugu. Aterpetxeko patioan gaude orain hurrengo ekintza prestatzen, eta bitartean, bitxia egiten bazaigu ere, gure lanaren ondorioetaz gozatzen. Espero dugu zuek ere, ea zer iruditzen zaizuen.
Blogak eta aipatutako irratsaioak (agian oraintxe entzuten zabiltzatenak) nola egin ikasi dugu, eta orain laburmetrien ordua da. Batzuk irratiko programa grabatzen izan diren bitartean, besteak korto bat prestatzen eta dagozkion tomak grabatzen ibili dira. Ikusiko duzuenez, argazki hauetan honen berri izango duzue: makilajea aurpegietan, mozorroak eta nosberak barruan daraman interpretaziorako gaitasun hori kanpora ateratzeko irrikan. Emaitzak gaur iluntzean ikusiko ditugu, beharbada zuek, pantailen beste aldean zaudetenok, noizbait horietaz gozatzeko aukera izango duzue. Bien bitartean irudiokin konformatu beharko duzue.
Gaur graffitien eguna izango dugu, zerbait ikasteaz eta ondo pasatzeaz gain, ea aterpetxearen azal goibel eta zahar hau berriztea lortzen dugun (ez da zaila izango…). Gure marka propioa uztera goaz, eta lortuko dugu.
Honek aurrera darrai…





