CELOSAMENTE GORDEA
Normal 0 21 false false false MicrosoftInternetExplorer4 /* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:"Tabla normal"; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:""; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:"Times New Roman"; mso-ansi-language:#0400; mso-fareast-language:#0400; mso-bidi-language:#0400;}
Har dezagun arnasa behingoan. Hamar, bederatzi, zortzi... Aska ditzagun korapiloak, barrukoak lehenengo.
Eman diezaiogun guretik apur bat denborari.
Eman diezaiogun guretik. Kendu diogun guztia bueltatzen hasteko momentua da.
Momentua da, momentua. Bizi beharrekoa bi
aldiz errepikatzen dela esaten
dutenek, hobe lukete azoka amaiezinen batean galdu. Utz diezaiogun une batez
gauzak erosteari, truka dezagun gure artean geratzen zaiguna, eman eta hartu,
eman eta hartu. Horrela funtzionatzen baitu gizabanakoak bere egoerarik
primitiboenera hurbiltzen denean ere. Denbora erostea posible ez den bezala,
sentitzen ditugunekiko itsu mantentzea ere ez baita posible. Lor dezakezu
minutu batzuez, orduetan agian. Ibaiak, beste behin, bere bidea egitea lortzen
duen arte. Eta berriro hasierara. Ez dut ikusterik lortzen, ez oraindik.
Hurbiltzen ari gara, irteera jartzen duela esango nuke. Hemen naiz berriz
eta oraingoan ez didazu alkandorarik lisatu, oraingoan ez didazu ogitartekorik
prestatu bazkaritarako. Ez didazu eskurik luzatu itzultzen naizenean hor egongo
zarela adierazteko. Oraingoan ez dago tartekorik, hau aldatuko duenik. Urak
eramaten ditu gure gorputzak, bere indarrik menperagaitzenak atera ditu gaur
guretzat. Ezin dugu hitzik egin, ito egingo ginateke ziurrenik. Ezin dugu
lainorik bistatu, biderik idatzi. Eramatera uzten gara, ekarriko dugunaren
kezkaz baino, galtzeko prest gaudena zer den erabaki ezinean.
Sua, gauza asko izan daiteke sua. Baina batez ere, bi begirada elkarrekin aurkitzen direnean sortzen dena, horixe da sua. Horrela bukatu zuen esaten. Txalo egiten zion jendeak. Hunkituta eseri nintzen ni ere, begiratu egin nizun. Zuk ere begiratu egin zenidan, nire begien beroa lepoan igarri izan bazenu bezala gertatu zen. Sua, pentsatu nuen. Irribarre urduriz erantzun nizun. Irribarre urdurietan galdu zen momentua eta denborak zerbait eraman zuen berarekin ia inor ez konturatzeko moduan. Ke usaina zerien nire eskuei. Mugitu ez arren, urrundu egin ginela esango nuke, nor bere lekura. Nor bere espaziora. Kilometroak atzera ibili dena bezala sentitzen nintzen. Nahikoa dira bi begirada, pentsatu nuen berriz eta desertu batean aurrera doala irudikatu nuen nire burua. Ailegatzean norbait itxaroten edukiko duenaren ilusioa, galtzeko beldurrik ez duenaren konfiantza. Ezezaguna norbere baitan urtzen. Ezezaguna norbere baitan ulertzen. Harea atzamar artetik ihesi. Korrika astekotan denaren egonezina. Eserleku bi baino ez. Begirada bi. Posible ote? Nahiko ote da horrekin? Norbere sentipenetan sinestea al da kontua? Beste behin gertatuko balitz, etorri zitzaidan beranduago. Hobe ez, hobe horrela uztea, desertua eta suak utzitako ke arrastoa, beste ezer ez. Nahikoa dut horrekin habiatzeko. Ez naiz korrika hasiko, oinez habiatuko naiz. Baina badakit ailegatuko naizela egunen batean, ailegatuko dela momentua berriz, gurekin, guretzat. Eta horrela bada, egia bada bi begirada nahikoa direla sua pizteko, ez dugu azalpen gehiagorik beharko. Desertu bat imajinatuko dugu biok eta bertan galduko gara inongo beldurrik gabe. Orain bai, oraingoan zalantzarik gabe jakingo dugu nahikoa direla bi begi, bi begirada bizirik gaudela sinesteko, luze iraun dezakeen sua bizirik mantentzeko.
Hemen da. Edo han. Udako entsefalograma zehaztugabearen zubia gurutzatu eta mikrofonoak nahasteko prest. Bueltan da Celosamente Gordea irratsaioa (igandetan 22etatik 23etara eta errepikapena; astelehenetan 22etatik 23etara). Testuak eta antitestuak. Musika eta antimusika. Kronopioak eta matxinsaltoak alde batetik bestera. Bukaerarik gabeko lautadak. Zehaztugabeko pertsonaiak. Badoazen eta badatozen mareak bezala, barruraino sartu eta agur batez alde egiten duten hitzak eta esaldiak. Bidaia baterako proposamena agian. Agian.

Irratsaio osoak entzuteko aukera hemen








