Sarriren olerkiak eta muxuak iritsi dira itsasoz!
Nork ez du amets egin juxtu beretzat den botila bat topatzen duela itsaso bazterrean? Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako haurrek 198 egunetan jarraian egin dute amets hori, Joseba Sarrionandia idazleari superbotila bat bidali
ziotenetik, egunero. Eta ametsa egi bihurtu zaie.
Ekainaren 15ean, Zebrabidean, haien irakasle Arantxa Urbe izan genuen esperientzia guztia azaltzen.
Entzun nahi?
ENTZUN:
Audio clip: Adobe Flash Player (version 9 or above) is required to play this audio clip. Download the latest version here. You also need to have JavaScript enabled in your browser.
Sarrik Zarauzko umeei bueltan bidalitako mezua irakurri nahi baduzue, segi irakurtzen…
BOTILA ITSASORA BOTA ZUTEN UMEEI:
Ez dakit zuek zareten, paper luze batzuetan marrazkiak egin, botilan sartu eta botila hori itsasora bota zenutenak. Haizea, Ainhoa, Asier, Jone, Paula, Eneritz, Elene, Jon, Ane, Nora eta halako izenak irakurri ditut paperean. Zeuek zarete?
Kasualitatez heldu zait botila. Badut hemen lagun bat Silver Kapitaina deitzen dena, pirata erretiratua, badakizue, palo zangoarekin, begi bat tapatuta eta lorotxo bat besagainean ibiltzen dena. Tesoroaren bila etorri zen hona eta gaur goizean itsaso bazterrean zegoen, bere muletarekin paseatzen, botila ur gainean ikusi duenean. Tesoroaren mapa dela pentsatu du eta, jakina, muleta eta guzti egin du salto uretara. Tesoroaren mapa izango ez balitz ere, gutxienez botila garagardoa edo whiskia izango zela.
Imajinatu Silver Kapitaina egurrezko zangoarekin eta muletarekin igerian, lorotxoa igerian ez dakiela eta orroka. Botila harrapatu du, uretatik atera da, goitik behera bustita, eta hara, botila zabaldu eta marrazkiak ikusi dituenean, imajinatu nola haserretu den. Marrazkiak! Eta mezuak, baina hizkuntza ulertezinean, hau indioena da ala euskaldunena! Halaxe esaten zuen, hizkuntza hau indioena da ala euskaldunena!
Ni bai poztu naizela, mezua indioentzat ala euskaldunen batentzat zen jakiteko ekarri didanean. Letrak euskarazkoak zirela ikusi dudanean, eta bizikletak, eta neskatoak globoekin, eta kamioi handiak, eta izurdeak, eta barkuak, eta itsasoko urak hainbeste denboran erdi borratu dituen gauzatu… Gehien gustatu zaidana euskaraz egiten duzuela da, hemen ez da euskararik entzuten eta horregatik egin zait ederragoa euskarazko goraintziak irakurtzea.
Zuen paper luzeak logelan jarri ditut, horman eskegita, alde batetik bestera. Nire logela txikia da eta inguru guztian dut orain zuen marrazkia, eta bertan bizitzeko modukoa da zuen marrazki hori. Orain, goizean itzartu eta Zarautzen nagoela pentsa dezaket, gero leihotik begiratu eta beste inon ere banagoela jakin orduko. Eskerrik asko, beste paisaia hori bidali didazuelako.
Hemen, Silver Kapitaina tesoroaren bila dabil beti. Ez dakit zein den bere tesoroa, uste dut urre, harribitxi eta dirutakoa dela. Nik susmatzen dut badagoela bestelako tesororik, urrearen pisua baino ederragoa, eta esango dizuet zein den, susmatzen dudan tesoroa. Gure tesoroa euskara da eta zeuek duzue, ezpainetan.
Ondo gorde tesoro hori, elkarrekin! Silver Kapitainaren tesoroak lurpeko zuloan gordetzekod dira. Gure tesoroa ederragoa da, denona delako. Denon artean egiteko eta denon artean banatzeko delako.
Musuak ere sartu ditut zuentzako beste botila honetan, nire lagun txikiak. Ea beste botila hau ere urak, haizeak edo izurderen batek eramaten duen zuenganaino.
Musuak, eta adiorik ez.






ekaina 16th, 2007 at 1:54 pm
Sarriren olerkiak eta muxuak iritsi dira itsasoz!!…
Nork ez du amets egin juxtu beretzat den botila bat topatzen duela itsaso bazterrean? Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako haurrek 198 egunetan jarraian egin dute amets hori, Joseba Sarrionandia idazleari superbotila bat bidali ziotenetik, egunero. …
ekaina 19th, 2007 at 11:22 am
Informazio hori Amagoia Mujikak GAUR8n aste bete lehenago egindako erreportaje batetik hartua dago. Ez zait gaizki iruditzen sarrera eta titular horiek erabiltzea Halabedin audioaren aurkezpena egiteko, baina egilea aitortu ere aitortu beharko zenuketela uste dut. http://www.gaur8.info/edukiak/20070609/22742/Itsasoz-iritsi-dira-Zarautzera-Sarriren-olerkiak-eta-muxuak/
ekaina 20th, 2007 at 6:52 pm
Halaxe da. Kontu horren guztiaren berri GAUR8n, Gara egunkariaren gehigarrian, Amagoia Mujikak idatzitako erreportaje eder horren bidez izan genuen. Gure intentzioa ez zen inoren hitzak lapurtzea izan. Berak aski ongi adierazten zuela pentsatu, eta bere horretan editatu genuen testua. Gehiagotan ere erabili izan ditugu artikulu edo erreportaietako hitzak iturriaren aipurik egin gabe. Arrazoi duzu iturria edo egilea zehaztu behar genukeela. Hurrengo baterako kontuan hartuko dugu zure gomendioa.
Dena den, gustuko izan al zenuen elkarrizketa?
abuztua 15th, 2007 at 12:44 pm
Botilatik mezua atera eta irakurtzeko une hunkigarria:
http://www.bideoak.info/?p=357
urria 21st, 2008 at 5:11 pm
Sarri zatoz Euskal Herrira!!
behar zaitugu!!